Aita Santi Onaindia

 Artikuluak  Liburuak  OLERKI (ta testu literarioen) ITZULPENAK  Olerkiak 

(Julen Urkiza´k idatzitako Itzaurrea Aita Santi Onaindia´ren Bibliografia´rako, Amorebieta-Etxano´n 1989an urtean)

Aita S. Onaindiak 86 urte bete zituen. Urte bete-beteak, praile-bizitzan, euskal kultura-lanetan bai oso beteak.

Eta Larrea-Zornotzan bertan 40 urtez bizi zen. Herri hau euskal kultur-leku lez sendotu dau: Karmel aldizkaria aurrera eroaten ahaleginduz... eta zuzenduz, Olerti aldizkaria sortuz, liburu askoren sortu-leku eginaz..., ehundaka artikulu Euskal Herri osora zabalduz... Hori dala-ta Zornotzako udaletxeak berari eskeinitako omenaldia.

Amoroto-n (Bizkaia) Atxurrarte basetxean jaio zan 1909an, Migel Onaindia Barrutia ta Jazinta Baseta Albizuri bere gurasoak zirelarik.

Hamabi urtegaz Zornotzara karmeldar ikastetxera, Larrea-ra, eroan eben. (Hemen aipatzekoa da zelan Zornotzako Udaletxeak eta Karmeldarrak «Latinitateko» ikastetxe bat sortzeko alalegiñak egin zituen 1817an, eta Madrilek ukatu egin eutsen, baina geroago, XX. mende-asieran, ikastetxe hori sortzea lortu zan.

Larrea-n 1927an karmeldar eginik, urte betean Markinan ikasten jarraituz, gero filosofia ta teologiako ikasketak egin ebazan Gasteiz eta Bilbon, eta 1934an abade.

1936an Larrea-Zornotzan bere lanetan hasia zala, bai sermoigintzan, bai euskal kulturako giroan adiskideak irabazten, orduan gerra-amets bizia sortu zan, eta Aita Santik eusko-gudarien kapellau lez frentera joan beharra euki eban.

Askatasun-gogo beroaz eta Euskal Herriaganako etxe-maitasunaz han ebili zan A. Onaindia gudarien artean apaiz-lanetan, toki batetik bestera: Kanpazar, Intxorta, Basalgo, Gorozika-Bizkargi, Sollube, Artxanda, Enkarterriak, etab. dira lekuko.

1936ko abenduan frentetik olerki batzuk bialdu zituan Euzkadi egunkarira; eta baten hau inoan:
«jo gogoz Euzkadi azkatu arte:
katez lotuta bizi baño il obe»

Azkenean Laredo ta Santoñara jo behar, eta hortik Frankoren espetxetara... Belaunaldi horretako gazte ta apaiz-praileak ez ziran espirituz erraz menperatzekoak; espetxeak ere ikas-leku hihurtu zituen, hizkuntzak ikasten, olerki itzulpenak egiten, liburu klasikuak irakurten, euskal gramatika kontuak konpontzen, itxaropenak sortzen...

Karmonako espetxean besteen artean Besteiro jauna ere ezagutu eban, eta alkarren laguntzaz amets baltz hori gainditzen ahalegindu ziran...

Luzerako epai-zigor gogorrak hartu arren, 1940ko uztailaren 29an aske itxi eben A. Onaindia.

Gaur egunean askok honetaz zera pentsatzen dabe: espetxe-zigorrak, hai heriotzara zigortuak (eta hiltera noiz eroango), eta geroko loturak, etab., leporatu arren, apaiz-praile askok dana gaindituz, ez ziran erre ez, eta bai espiritu biziaz euren abade postazuna eta itxaropena agertu, eta eleizean jarraitu inolako zalantza barik...

Espetxetik urten barritan (Euskal Herrian sartzeko debekuagaitik) Hoz de Anero-ko komentura (Cantabria) bialdua izan zan; gero Logroñora, eta barriro Hoz de Anero-ra (1948) nagusi lez. Hor ikusten dogu Aita Onaindia gogoz eleizako lanetan...

195lan Euskal Herrian sartzen da, Larrea dau bere bizi-leku. Eta hemen euskal lanetarako garra berbizten jako: azkenengo artikulua 1936an idatzi baeban, orain 195 lan hasten da euskeraz artikuluak «Karmengo Amaren Egutegia»n idazten, eta gaur arte bere lumak eta argitalpenak ez dabe amairik izango, nik eskeinitako Bibliografian ikusi daitekeenez.

Bere lanik haundiena eta orduko girorako hain garrantzitsua izan zana 1954an agertu zan: Milla euskal-olerki eder. Eta azken liburua Oroi-txinpartak (1988) dogu: hor ezagutu geinke bere bizitza osoa, hor bere idazlan guztien barriak; hiru ataletan banantzen dau liburua: Fraile (11-158.orr.), Gudarien Kapellau (159-304.orr.) eta Idazle (305-467.orr.).

1951tik 1988ra Zornotzan ezagutua izan da (hiru urte izan ezik: 1957-1960 Eibarren).

Apaiz-praile lez eginiko lan erlijiosoaz aparte, bere bizitza euskal kulturaren aide emona izan da: euskera erakusten, konferentziak emoten, euskal kultur-giroa sortzen, eta batez ere liburuak eta artikulu asko argitaratzen...

Euskal kultura girotzeko eginkizun lez ikusi behar da Karmel aldizkaria aurrera eroateko egin ebazan zuzendari-ahaleginak (1958-1970), edo ta Olerti aldizkariaren (1959-1969, 1980-1986) bidez poesiari ta euskerari emon eutsazan bultzadak, proiekto horren barruan orduko olerkari ta idazle bikainenak batuz, baita olerki-egunetan egiten ziran sariketak eta euskal jai gogoa girotzen ere...

Aita Onaindiak liburugintzan erakutsi dauan garra haundia izan da benetan. Hor dagoz 55 liburu edo berak euskeraz argitaratuak: herebereak, besteenak, itzulpenak, etab. Nork ez ditu ezagutzen bere lehen liburu garrantzitsua Milla euskal-olerki eder (1954), edo Jolasketa (1965) edo Euskal-literatura (1971 -1977), edo Lamiñak (1978), etab.?

Eta berak idatzitako artikuluak kontatzen hasten bagara, ikusten doguna hau da: ugaritasuna, 550 artikulu baino gehiago, gaiz ezbardinetan, gehien bat laburrak eta euskal-literatura arloan...

Zelan kalifikatu geinkez Aita Onaindia eta bere lana?: Euskal langile ugaritsua izan da!

Nik ez dot ezagutzen Euskal Herriko historian, ez atzo eta ez gaur, euskeraz horrenbeste idatzi eta argitaratu dauanik... 18.000 orrialde inguru! Kantitatez ugaritsuena...

Euskera menperatasunaz erabiltzeko gaitasuna edo ta erreztasuna izan da bere kalitaterik onenetariko bat. Bere Lamiñak liburuan erakusten deuskun lez, euskera ona erabiltzen dakiena da bera.

Nire ustez Aita Onaindia euskal kulturaren dibulgadorerik haundienetakoa dogu, gehienetan gazetarien estilo, espiritu ta arintasunez. Literato-garra, sena ta irudimena daukoz, sormena baino gehiago behar bada.

Dibulgadore haundia izan da hai; han-hor-hemen ikusi-ikasiak bere lumaren bidez euskal munduan zabaltzen ahalegindu dan gizona dogu.

Horregaitik ez deutso inok eskatuko ez sakontasunik, ez teknika-sistemako seriotasun arduratsurik...

Esan daigun, bere merituak autortuaz Euskaltzaindiak «Euskaltzain ohorezko» izendatu ebala.

Julen Urkiza